Aguraingo mugimendu feministak protesta antolatu du ostegunerako, asteburuan gertatutako erasoa gaitzesteko. Gizon batek emazteari labanaz egin zion eraso, eta bien semea zauritu. Urruntze agindua ezarri diote ustezko erasotzaileari.
Osteguneko 19:00etan antolatu du protesta mugimendu feministak. Balkoietan lapikoak jotzera, zapi moreak eskegitzera eta sirena hotsa jartzera deitu ditu herritarrak. Udalak bat egin du deialdiarekin. Ostiral gauean herriko gizon batek egindako eraso matxista salatuko dute.
Labanaz eraso, etxean
Bikote bat eta bien semea bizi ziren etxean gertatu zen erasoa. Polizia iturrien arabera, ostiral gauean familiaren bizilagunek 112 telefonora deitu zuten, emakumeen oihuak entzun ondoren. Ertzaintza bertaratzean, labanez egindako erasoaren arrastoa zuen emakumeak lepoan, eta semea ere zauritua zegoen.
Ustezko erasotzailea atxilotu zuen Poliziak, eta goizean guardiako Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegiaren esku utzi zuen. Gizonari genero-indarkeri delitua egotzi eta urruntze agindua ezarri diote.