argia.eus
INPRIMATU
Lanuzteak hasi dituzte Iberiako langileek Loiuko aireportuan
  • Asteazkenetik ostiralera, bederatzi orduko lanuzteak egingo dituzte egunero Loiuko aireportuko Iberia enpresaren lurreko langileek, lan baldintza hobeak eskatzeko.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 14a
Iberiako hegazkin bat Loiuko aireportuan.

Iberiako 270 langilek lanuzteak hasi dituzte asteazkenean. Ostegun eta ostiralean ere bederatzi orduko lanuzteak egingo dituztela adierazi dute, eta haien eskakizunak onartu ezean, datorren astetik aurrera astelehen eta ostiraletan lanuzteekin jarraituko dutela esan dute.

Iberiako langileek beste hainbat konpainiaren hegaldiak kudeatzen dituzte: Vueling, Lufthansa, British Airways eta Groundforce, adibidez. Guztira Loiuko bidaiarien %40ak konpainia hauekin bidaiatzen du. UGTk adierazi du lanuzteak ez direla soldata hobekuntzak eskatzeko, lan baldintzak hobetzeko baizik. Izan ere “lan gainkarga handia” dute langileek, eta ordutegiak ondo finkatzea eskatzen dute, “familia eta lana” ondo uztartzeko.

Horrez gain, enpresako UGTko kideek salatu dute behin behineko langile askok ordubeteko kontratuak dituztela, eta gutxienez bi ordukoak izatea eskatzen dute. Iberiako langileen %50a behin behinekoa da, eta langile finkoek egin beharrekoak erakutsi behar dizkiete beti, gainkarga handia sortuz. Enpresan 14 urte baino gehiago behin behinean lanean dauden langileentzat kontratu finkoak eskatu dituzte halaber.

Iberiako lurreko langileak dira greban daudenak. Hauek hegazkinetik kanpo dauden lan guztiak egiten dituzte: maleten fakturazioa, maletak hegazkinetan kargatzea, deskargatzea, bezeroekiko arreta, hegazkinetara sartzeko eskailerak pistan mugitzea…

Ondorioak hegaldietan

Bederatzi ordutako lanuzteak lau alditan egingo dituzte: lehena, goizeko seietatik bederatzietara; ordu-bietatik lauretara izango da hurrena, eta azken biak arratsaldeko seietatik zortzietara eta hamarretatik hamabietara izango dira. Goizeko lehen lanuztea amaituta, Vueling konpainiak baieztatu du ez dela arazorik eta atzerapenik izan. Iberiak asteartean, grebaren aurreko egunean, baieztatu du atzerapenik aurreikusten ez dutela.