Asteartean hil zen langilearen heriotza salatzeko, enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du ostegun goizaldeko seietatik ostiral goizaldeko seietara.
LAB sindikatuak jakinaraztera eman duenez, azken bi urteetan lau langile hil dira Gasteizko Michelin enpresan eta protokoloek huts egin dutela gaineratu du. “Enpresak gertakari horiek ezkutatu besterik ez du egin nahi, ardura azpikontratei edo langileei leporatuta. Denbora daramagu prebentzio eta lan osasun alorretan enpresak dituen hutsuneak salatzen, tartean, prebentzio mailako heziketa eza”.
ESK sindikatuak salatu duenaren arabera, lantegi barneko telefonoa ez zebilenez, istripua gertatu zenetik langilea ospitalera iritsi arte 40 minutu pasatu ziren.
Gertatutakoaren nondik norakoak aztertzeko, ikerketa abiatu zuen asteartean enpresako zuzendaritzak.
Igande goizean gertatu zen istripua. Pneumatikoak egosteko prentsa batean lanean ari zela plataforma jasotzaile eta hesi baten artean harrapatuta gelditu zen. Larri eraman zuten ospitalera.
Correoseko 39 urteko langilea hil da Gasteizen, banaketa egiteko motorrak, furgoneta baten aurka talka egin ondoren. Sindikatuek jakitera eman dutenez, duela gutxi kontratatu zuten aldi baterako langilea zen.