argia.eus
INPRIMATU
Lanuzte orokorra eta borroka eguna egin dute Aiaraldean, enpleguaren alde
  • ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek deituta, milaka herritar kalera atera ziren ostiralean Aiaraldean, "enplegu eta bizitza duinaren alde". Lanuzte orokorra egin zuten goizean, eta egun osoan zehar mobilizazio jendetsuak izan ziren eskualdean.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2021eko martxoaren 08a
Laudioko elkarretaratzea. Argazkia: LAB Aiara.

"Aiaraldea egoera kezkagarrian dago. Enplegu suntsiketa, lan baldintzen okertzea, enplegu prekarioa eta zerbitzu publiko askoren egoera izugarriak dira", azaldu zuten sindikatuek. Besteak beste, Tubacex —EEE bidezko 150 kaleratze daude mahai gainean— eta Valvospain —itxierak 79 langile utzi ditu kalean— enpresen kasuak azpimarratu dituzte, "ehunka familiengan eta eskualdearen etorkizunean izango dituzten ondorioekin".

"Izozmendiaren muturra baino ez" dela uste dute ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek. Azaldu zutenez, bi kasu horiei gehitu behar zaizkie enplegua suntsitu duten hamarnaka enpresa, kaleratuak izan diren aldi baterako langileak, ABLEE egoeran dauden langileak, osasungintza publikoko langileen egoera, zerbitzu sozialetakoena, hezkuntzakoena, ostalaritza eta merkataritza sektoreen egoera, edo eskualdeko enpresa txiki eta autonomoek bizi duten "egoera larria".

Horregatik, euskal gehiengo sindikala osatzen duten lau sindikatuek, "enplegu eta bizitza duinaren alde" mobilizatzera dei egin zuten ostiralean Aiaraldean, "erantzun global, bateratu eta anitza" emateko.

Eskualde mailako bi orduko lanuztea egin zuten 11:00etatik 13:00etara; eta 11:30ean milaka pertsona bildu zituzten manifestazioak egin dira Amurrion eta Laudion, Aiaraldean enplegu eta bizitza duina lelopean, herriko plazetatik abiatuta: "Beharrezkoa da guztion artean etorkizun duin bat eraikitzea gure eskualderako", azpimarratu zuten sindikatuek mobilizazioen osteko ekitaldietan.

Egun osoko mobilizazioak azken urteetan eskualdean egin diren mobilizazio jendetsuenetarikoak izan ziren, eta goizeko lanuztearen jarraipena erabatekoa izan zen; Amurrio eta Laudioko saltoki gehienek itxi zuten. Arratsaldean izan zen eskualde mailako manifestazio nagusia: 20:00etan abiatu zen Amurrioko plazatik.

Egun osoko mobilizazioen jarraipena egin du Aiaraldea hedabideak. Hemen ikus ditzakezue eguneko irudiak eta albisteak.