argia.eus
INPRIMATU
Lantokiko teilatua erori ostean, Trapagarango Amazoneko langileak arriskuan daudela salatu dute
  • LAB eta ELAk adierazi dute ez dela teilatua erortzen den lehen aldia, eta horrek arriskuan jartzen dituela langileak. Amazoneko langileek greban jarraitzen dute.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 04a

Trapagarango (Bizkaia) Amazonen lantokiko teilatua erori da asteartean, eta langileak ebakuatu dituzte. Beraz, egun osoan zehar ez dute banaketarik egin. Hala ere, lanera itzultzeko aukera izan duten arren, Amazoneko langileak greban daude. 125 langile inguruk hiru protesta-egun deitu dituzte, lehena Errege egun bezperan. Bigarren lanuzte antolatua da, izan ere, iragan abenduan bi egunez geldiarazi zuten lana baldintza prekarioak salatzeko.

LAB eta ELA sindikatuek azpimarratu dute eraikineko teilatua gehiagotan erori dela, eta langileen osasuna “arriskuan” ipintzen duela. Konponketa lanak egiten ari zirenean, informazio-piketeak ziurtatzen aritu dira azpikontratatutako enpresetako langileen segurtasun-neurriak bete direla.

Bestalde, sindikatuek adierazi dute Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskailetza lantokira joan dela abenduaren 22an LABek eta ELAk jarritako salaketa aztertzeko. Salaketa hori grebarako eskubidea urratzeagatik jarri dute sindikatuek.