Euskaraldiaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Lehen edizioan bezala, Belarriprest eta Ahobizi figurak izango dira protagonista, baina datorren urtean ahalegin berezia egingo da lantokietan euskaraz aritzeko guneak sortzeko.
Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean egingo da bigarren edizioa, eta denetariko entitateen parte-hartze handiagoa bultzatzea izango da erronketako bat. "Ariguneak" sortuko dira horretarako, euskaraz aritzeko babesguneak, taldean jarduteko aukera eskainiko dutenak. Alegia, lehen edizioak banakako harremanak bazituen ardatz, bigarrenak taldekako ariketak ere jasoko ditu, euskararen erabilera sustatu aldera lantokietan, administrazio publikoan, kultur edota kirol taldeetan... Dena den, Ahobizi eta Belarriprest figurak izango dira oraingoan ere protagonista. Hala, iaz bezala, Euskaraldian parte hartuko duten herritarrek txapa bana eramango dute paparrean.
Asteazkenean Donostiako San Telmo museoan egindako aurkezpen ekitaldian hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu dute. Bertan ziren, besteak beste, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo, eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariorde Beñat Arrabit.
"Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan". Datorren urteko azaroaren 20tik abenduaren 4ra gauzatuko dugu bigarren @euskaraldia. Indarrak bildu eta herritarrak aktibatzen hasteko unea da, ilusioz, elkarlanean eta kementsu. Sekulakoa izango da! #Euskaraldia https://t.co/TTXw9FGuhs
— Kike Amonarriz (@KikeAmonarriz) November 20, 2019
‘Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan’. Horixe izango da #Euskaraldia-ren bigarren edizioaren helburua, bai norbanakoentzat bai entitateentzat.
Ahobizi, belarriprest eta ariguneak izango ditugu.
Urtebete barru hasiko da, baina aurreko (eta ondorengo) bidea ere funtsezkoa izango da pic.twitter.com/FKNljCSkiO
— Bingen Zupiria (@ZupiriaB) November 20, 2019
Gaur @kontseilua ordezkatuz @euskaraldia.ren aurkezpenean izan naiz. Olatua sortzeko prest. Gehiago, gehiagotan, gehiagorekin. pic.twitter.com/AJl32guCrq
— Paul Bilbao Sarria (@paulbilbao) November 20, 2019