Sindikatuen arabera eragina izaten ari da, bereziki garraio publikoan, Baionatik iparralderat.
CGT, FSU, LAB, Solidaires eta USL sindikatuek deituta, greba eguna da urriaren 1ean Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, lansarien, pentsioen eta zerbitzu publikoen alde. Izan ere, astearte honetan hasi dira Frantziako Estatuaren eta Gizarte Segurantzako aurrekontuei buruzko eztabaidak Asanblada Nazionalean.
Sindikatuek deitutako manifestazioa 10:30ean hasi da, Baionako Santa Ursula plazan. Manifestariek fokua pentsioen aferan ipini dute, nagusiki: "Sei hilabete baino gehiagoz mobilizatu gara 64 urterekin erretreta hartzearen aurka. Macronek 49.3rekin indarrez pasaraztea erabaki zuen, baina zigortu egin genuen, Europako eta Frantziako hauteskunde legegileetan porrot handiak jasoz. Jada ez du zilegitasunik bere hautuak inposatzeko. Beraz, orain pentsioen erreformaren indargabetzea irabaz dezakegu eta irabazi behar dugu".
Lansariei eta lan-baldintzei buruzko mezua ere zabaldu dute sindikatuek, seinalatuz urtero 170.000 milioi euroko laguntza publikoak jasotzen dituztela, kontrapartidarik gabe banatzen zaizkiela enpresei, eta dibidenduak ez direla sekula hain handiak izan. Hala ere, lan-baldintzak "gero eta okerragoak" direla salatu dute salatu dute sindikatuek: "Mobiliza gaitezen kanporatze guztien berehalako gelditzearentzat, birkokapena eta gure industriaren ingurumen-eraldaketa irabazteko".
Azkenik, zerbitzu publikoei begira, gauzek ezin dutela "horrela irauten ahal" adierazi dute CGT, FSU, LAB, Solidaires eta USL sindikatuek prentsa oharrean. Osasuna, hezkuntza, goi-mailako irakaskuntza, ikerketa, ingurumen eta abarrerako "finantza likidatu" dela diote, eta, horregatik, giza baliabideak exijitu dituzte.