argia.eus
INPRIMATU
Lanpostu publiko bera bost urtez bete duten ordezkoak finko bilakatuko dira oposizioak egin gabe
  • Hego Euskal Herriko administrazio publikoko langileei eragingo die Ogasun Ministerioak, Unidas Podemosek, ERCk eta EAJk lortutako akordioak. Behin-behinekotasun tasa %40 ingurukoa da egun eta epe laburrean hori txikitzea da itunaren helburua.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 12a
Oposizioen ordez "merezimenduen" deialdi batera aurkeztu beharko dute lanpostu finkoa lortu nahi dutenek. / Argazkia: oposizioen azterketa bat, artxiboko irudian.

Funtzio publikoko lanpostu berean bost urte edo gehiago daramaten ordezko langileek ez dituzte oposizoak egin beharko langile finko bihurtzeko; “merezimenduak” egiaztatzeko deialdi batera aurkeztu beharko dute, erakusteko euren lanpostuaren baldintzak betetzen dituztela. Ostegun iluntzean jakinarazi du hainbat hedabidek Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak, Unidas Podemosek, ERCk eta EAJk hitzarmena egin dutela, administrazio publikoko behin-behineko tasa altua txikitzeko asmoz. Lege erreforma horrek balioko du enpresa, fundazio eta partzuergo publikoetan dihardutenentzat ere.

Hego Euskal Herriko langile publikoen ia %40 ez dira finkoak, eta azken urteetan oso oposizio deialdi gutxi egin dira. Itun horren bidez, datozen bost urteetan behin-behinekotasun tasa %8ra jaitsi nahi du Espainiak. Akordioan baldintza batzuk zehaztu dituzte: lanpostua bost urtez etenik gabe betetzea, 2016ko urtarrilaren 1az geroztik izatea, ezohiko neurria izatea, eta eskaera behin bakarrik egin ahal izatea. Gainera, administrazio bakoitzak arau eta baldintza propioak jarri beharko ditu.

Lege erreforma Espainiako Kongresuko batzordean eta osoko bilkuran onartu beharko dute, baina ituna adostu dutenen babesa nahikoa izango da gehiengoa lortzeko eta legeak aurrera egiteko.

Europako eskakizuna bete

Espainiako Kongresuan eztabaidatzen ari dira funtzio publikoko langileen egonkortze legeak, eta epe laburrean erregulatu nahi dute behin-behinekotasuna. Izan ere, ekainean Europako Justizia Auzitegiak Espainiako Gobernua ohartarazi zuen: lanpostu publikoetako behin-behineko kontratuak hiru urte baino gehiagoz luzatzea “neurriz kanpokoa” da auzitegiaren arabera. Espainiako araudiak jasotzen du oposizioak egin behar direla hiru urtetik behin, langileak finkatzeko, baina bereziki azken urteetan ez da hori bete. Orain, lege aldaketarekin Europaren eskakizuna bete nahi dute, eta 2024. urterako behin-behinekotasun tasa %8ra jaitsi.