argia.eus
INPRIMATU
Langileen osasunarekin ez jolastu
  • Koronabirusari eusteko berrogeialdi osoa behar da, eta ezinbestekoak ez diren aurrez aurreko lan guztiak gelditu behar dira.  Arantxa Tapia Jaurlaritzako sailburuaren eta hari eusten diotenen jarrera antisoziala eta negargarria da zentzu horretan.

Juan Mari Arregi 2020ko martxoaren 23a
Arantxa Tapia sailburua Radio Euskadin egindaok elkarrizketa batean (arg.: EiTB)

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburuak zera esan du: "Segurtasuna lehenetsiz eta babes neurriak hartuz, industrietako jarduerari eutsi behar zaio. Zati bati behintzat, neurri horiekin ahal dena". Eta beste hau ere gaineratu du: "Ekonomia eta industria motor bat bezalakoak dira. Denbora asko geldirik egon denean abiatzea asko kostatzen da, eta motela da. Ralentian dagoenean arrankatzea errazagoa da. Eta normaltasuna berreskuratu dezakegun unerako prest egon behar dugu".

Horrelako adierazpenak ez datoz bat alarma-dekretuak ezarritako konfinamenduarekin. Tapia bera joan zitekeen aurretik industria-jarduera horri “eustera”, garraio publikoa, jantokia eta enpresa horietako jantziak erabiliz. Industria-jarduera eta interes ekonomikoa lan-osasunaren gainetik lehenesteko asmoa erakusten duena, kapitalismorik basatienaren dizipulu ona izateaz gain, ez da duina herri honen gehiengo sozialaren zerbitzura lan egin behar lukeen gobernu batean egoteko. Eta hari eusten dionak, Urkullu lehendakariak, ez du erantzukizun txikiagoa eta, beraz, duintasun gutxiago dauka oraindik.

Italian bezala, koronabirusari eusteko berrogeialdi osoa behar da, eta ezinbestekoak ez diren aurrez aurreko lan guztiak gelditu behar dira. Beraz, Tapia sailburuaren eta hari eusten diotenen jarrera, negargarria, antisoziala, antihumanoa eta kontraesankorra da pandemiak eragindako une larriotan.

Egoera horretan dauden langileek eskubide eta betebehar osoa dute horrelako erabakien aurrean planto egiteko eta beren etxeetan geratzeko, gainerako biztanleak bezala. Osasuna Tapia sailburuaren interes ekonomikoen, eusten diotenen eta hori posible egiten duen sistemaren gainetik dago.