argia.eus
INPRIMATU
Langileen legez kanpoko trafiko delitua egotzita atxilotu dituzte bi gazte Tolosan eta Deban
  • Ostiral gauerdian atzeman zituen Ertzaintzak ustez langileak ilegalki zeramatzan bi furgoneta, Ertzaintzak uste du Europako beste herrialde batera bidean zirela, han lan egiteko. Atxilotutako gidarietako batek hamar pertsona zeramatzan furgonetan eta besteak 22.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 04a
Bidaiari guztiak polizia etxera eman ostean atxilotu zituzten bi txoferrak. EITB

Langileen legez kanpoko trafikoan aritzea eta bide segurtasuna arriskuan jartzea leporatu diete atxilotu dituzten 24 urteko bi gidariei. Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak esan duenez, Frantziako noranzkoan ziren, Europako beste herrialde baten lan egiteko.

Azaroaren 2an eta 3an deklaratu zuten atxilotuek epaiaren aurrean. Arrazoi ezberdinengatik eta leku ezberdinetan atzeman zituzten gidariak, hala ere, bi kasuak lotuta daudela adierazi du Ertzaintzak.

Alde batetik, Tolosan (N-1 errepidean, Lasarterako noranzkoan) atzeman zuten hamar pertsona zeramatzan gidaria. Bertan izandako auto-istripu baten harira identifikatu zuten furgoneta, ezbeharra artatu ondoren ohartu baitzen Ertzaintza furgonetan 11 pertsona zihoazela, gehienez bederatzi izan behar zirenean. Poliziak gainera bidaiariak modu ilegalean zihoazenaren susmoa azaldu zuen.

Bestalde, Deban (AP-8 autobidean, Irunerako noranzkoan) Brigada Mugikorreko agenteek furgoneta bat atzeman zuten, argirik gabe eta oso mantso mugitzen. Txoferrak ihes egin zuen Ertzaintzak gelditzeko agindua eman ondoren, beranduago Zumaiako ordainlekuan gelditzea lortu zuten. Gidariaz gain beste 22 pertsona furgoneta barruan pilatuta zeudela informatu du Ertzaintzak eta bidaiarien bizia arriskuan jartzea leporatuta ere epaituko dute txoferra.