argia.eus
INPRIMATU
Langileen kaleratzeak, ateak berriro irekiko dituzten Gasteizko rokodromoetan
  • Lan gatazkek bultzatuta bederatzi hilabetez itxirik egon ostean, ostiralean dira berriro irekitzekoak Gasteizko udal rokodromoak. ESK sindikatuak salatu duenez, itxura du gutxienez bi langile kaleratuko dituztela, gainerakoei Espainiako Estatuko hitzarmena aplikatuko zaiela –Arabakoaren ordez–, eta instalazioen erabilera murriztuko dela.

Jon Torner Zabala @jtorner 2019ko maiatzaren 22a
Rokodromoetako langileak, Hegoaldeko instalazioen atarian, artxiboko irudian / ESK

Sindikatuak gaineratu du 24 eguneko atzerapenarekin irekiko direla, azken informazioek diotena betetzen baldin bada: "Hiru lizitazio hutsik geratu ostean, 2019ko apirilaren 26an, kudeaketa enpresa bati esleitu zaio. Enpresa horrek bere burua aurkeztu du instalazioak 2019ko maiatzaren 1etik 2020ko uztailera arte kudeatzeko. Instalazioak oraindik ez daude zabalik", dio maiatzaren 8ko data duen prentsa-oharrean. "Atzerapena saihestu ahal zen, are gehiago, Udala bezala, pribilegio egoera batean zaudenean eta gertatu ahal dena aurreikusteko gai zarenean. Beraz, hasieratik baldin bazekien zerbitzua maiatzean berrabiaraztea ezinezkoa izango zela, ez zuen informazioarekin jolastu behar eta argi eta garbi eman behar zuen aditzera zerbitzua 2019ko ekainaren 1era arte ez zela egongo erabilgarri. Berriro ere salatu nahi dugu udal kirol zerbitzuak agerian utzi duen konpromiso eta seriotasunik eza".

Halaber, sindikatuak adierazi du ez dagoela udal ikastarorik aurreikusita, ezta eskolei zuzendutakoak ere, eta ondorioz gazteak eskaladan hasteko zutabe nagusietakoa galduko dela.

Elkarretaratzea Salburuan

Ostiralean elkarretaratzea deitu du ESK sindikatuak Salburuako gizarte-etxearen atarian, 18:00etan, eskalatzaileentzako instalazio berrien irekieran. "Udalaren kudeaketa lotsagarriak" kaltetutako herritar guztiei egin die dei sindikatuak, Hala Bedi irratiak jaso duenez.

"Kirol batzuentzat beti du dirua Gasteizko Udalak, baina ez eskaladarentzat"

Gasteizko rokodromoetako langilea da Borja Donnay. 2018ko urrian, Eñaut Agirrebengoa kazetariak jasotako testigantza plazararu zuen ARGIAk. "Hiriko udal rokodromoetan egiten dut lan, baina irailaz geroztik langabezian nagoela esan daiteke", zioen. "Izan ere, instalazioen kudeaketa penagarria egin du Udalak, eta guk eskainitako zerbitzua bertan behera utzi du behin-behinean". Rokodromoak "modu sozial batean" kudeatu dituztela azaldu zuen, eta hori "asko" eskertzen dutela erabiltzaileek. "Haiek ere egoera bidegabea dela uste dute. Badakite Udalak bazter utzita duela eskalada. Kirol batzuentzat beti du dirua, baina ez eskaladarentzat. Eta ez gara ezinezko kopuruak eskatzen ari".