argia.eus
INPRIMATU
Langileen eskariaren aurka, CAFek tranbia egingo du Jerusalemen
  • CAF eta Saphir enpresa israeldarrak osatutako partzuergoari esleitu dizkiote Jerusalemgo tranbiaren lanak. CAFeko langileen komiteak obra egiteko eskaririk lez egiteko eskatu zion zuzendaritzari, tranbia palestinarrei desjabetutako lur okupatuetan eraikiko delako. 1.800 milioitik gorako aurrekontua du kontratuak.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 08a

CAF gipuzkoarra eta Saphir israeldarra izan dira lehia publikoa irabazi duten enpresak, partzuergoan bat eginik. Asmoa Jerusalemgo tranbiaren Linea Gorria 6,8 kilometro luzatzea eta Linea Berde berria eraikitzea da. Azken horrek 20,6 kilometroko luzera izango du. Hitzarmenak lan eta zeregin asko barnebiltzen du. Linea Berderako 114 tranbia eraiki behar dira eta Gorriaren 46 birgaitu. Mantentze lanak, seinaleztapena, edo komunikazio sistemen hornikuntza ere partzuergoaren ardura izango dira.

Lehendabiziko lanak aurten hasiko dira. Linea berdea 2025erako amaituta egotea da helburua, baina hitzarmenak denbora epe luzeagoa hartzen du, kasuan kasu. Mantentze lanen ardura, esaterako 25 urtez izango du kontsortzioak.

CAFek prentsa ohar batean jakinarazi ditu kontratuaren nondik norakoak. Orotara 1.800 milioi eurotako hitzarmena sinatu dutela azaldu du. Bi lineak amaitzean Jerusalemek "trenbide sare erosoagoa eta eragingarriagoa izango du", kooperatibaren irudiko. "Bere biztanle guztien" garraiorako.

Langileak, aurka

Urtarrilean LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek osatzen duten enpresa komiteak aho batez eskatu zion enpresaren zuzendaritzari Jerusalemgo tranbiaren lanen lehiara ez aurkezteko. Besteren artean, trenbide sarea palestinarrei desjabetutako lur okupatuetan eraikiko delako, eta kolono israeldarrek soilik izango dutelako garraioa erabiltzeko eskubidea.

"Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik", adierazi zuten langileek. "Ez dugu ulertzen nazioarteko legezkotasunaren, etikaren eta elkartasunaren aurkako lanak zer alderdi positibo eskain diezaiokeen CAF-i", adierazi zuen enpresako langileen artean gehiengoa duen LAB sindikatuak.

Palestina Askatzeko Erakundeak publikoki eskertu zuen CAFeko langileen jarrera. Gutuna helarazi zien langileei zuzenean antolakundeko antolakuntza idazkari nagusi Saeb Erekat-ek: "Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat”.

 

 

Palestina Askatzeko Erakundeak CAFeko langileei igorritako gutuna, eskerrak emanez.