argia.eus
INPRIMATU
Protesta ugari eta garraio publikoan greba Ipar Euskal Herrian lan erreformaren aurka
  • Lana arautuko duen erreforma prest du Frantziako Gobernuak. Frantziako sindikatuek erantzun ezberdinak eman dizkiote erreformari, alabaina langileen gehiengoaren ordezkariak aurka daude. Langileriaren hainbat sektoreek mobilizatzera deitu dute goizdanik.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2016ko martxoaren 09a
Lan merkatuaren erreformaren aurkako manifestazioa Baionan, 2013ko martxoaren 6an. (Argazkia: Gaizka Iroz).

CGT, FO, FSU, Solidaires, UNEF eta UNL sindikatuek garraio publikoetan eta trenbideetan greba iragarri dute asteazkenerako. CFDT, CFE-CGC, UNSA, CFTC sindikatuek elkarretaratzeak antolatu dituzte Myriam El Khomri lan ministroaren martxoaren 12ko negoziazio bilera baino lehenago. Hauen ustez, ministroaren egitasmoaren pasarte batzuk "aldatzearekin" bat egin lezakete eta lege berria ontzat eman.

Erabat kontra dauden sektoreek diote legediak Medef patronalaren eta Nicolas Sarkozyren Republicains alderdi eskuindarraren aspaldiko eskaerak aintzat hartzen dituela. Legediaren asmoen arabera, lan egutegia eratzean, enpresa mailako akordioek azken hitza izanen dute, eta ez, gaur egun bezala, arlokako hitzarmen kolektiboek. Lan-aste ofizialak 35 ordukoa izaten jarraituko badu ere, lanaldia nabarmen malgutzen duten klausulak aurreikusten dira.

Horiek horrela, hiru urteko epean, batez beste 35 ordu lan egitea nahikoa izanen da lan jarduna errespetatutzat emateko eta aparteko ordurik sartu ez dela kontsideratzeko. Egun urtebetekoa da epe hori. Aparteko ordu horien ordainketan, soldata itun kolektiboetan zehaztutakoa baino %10 merkeago ordaintzeko aukera edukiko dute enpresek, baldin eta langileekin akordioa sinatzen badute.

Ipar Euskal Herrian sindikatuak fermu

Legedi berriak langileen kaleratzeak erraztuko dituela diote Ipar Euskal Herriko sindikatuek. Enpresako nagusiek begi onez eta kontent hartu dute egitasmoa. Adibidez, enpresa txiki eta ertaineko CGPME elkarteko buru George Strulluk hauxe erran du: "Eskaririk ezean kontratuak eteteko bidea jasotzen badu, Prud'homme-tako kalte-ordainak argitzen baditu eta malgutasun gehiago ekartzen badu, lan erreforma hau norabide onean garatuko da".

Sindikatuen esanetan "lanpostuak sortzeko modu horrek lan baldintzak kaskartzea ekarri du. Lan kontratu mota hori onartezina da". Enpresariek berriz, "euren helburua lanik ez dutenei lana ematea" dela argudiatzen dute. Sindikatuek berriz, "enpresariarentzat kontua da langilea kontratatzea enpresa arriskuan jarri gabe".

Tokiko sindikatuak haserre daude. CGTko kide Jean-François Mentaberrik dioenez: "George Strullu gezurretan ari da. Norabide horretan egindako aurreko erreformek helburu hori bera zuten eta enplegurik ez da sortu. Azkenean, langileari lana eta eskubideak i kentzen zaizkio". Mentaberrik "beharbada enplegua sortuko dute, baina jakinik erraza dela ere suntsitzea", CGTko kideak gaurko ogia eta biharko gosea ikusten du hor: “Enplegua sortzeko kontsumoa behar da, eskaria sustatu, baina jendeak sosik ez badu hori ezinezkoa da”.

LAB sindikatuko Jeronimo Prietok "zuhurtziaz" hartu du Myriam El Khomri lan ministroaren egitasmoa. Halere, argi du Erreforma François Fillonek abiatutako bidean aurrera doala. Puntu batek du kezkatu oroz gaindi: "Arau juridikoa apurtuko dute. Mende bateko jurisprudentzia pikutara doa lege honekin. Maila juridikoan bada ordena bat. Lan kodea oinarria da, eta gainerako neurrie hori hobetzen zuten. Orain hori aldarazi nahi dute: oinarri berria izanen da eta gero hortik behera negoziatzen ahal da enpresetan".

Mobilizazioak

Langileen kolektibo anitz mobilizatzen ari dira asteazkenean. Trenbideko langileak, besteak beste, Baionako San Ursula plazan bilduko dira. Ondoren, elkarretaratzea eginen dute suprefeturaren aitzinean gazte erakundeek lagunduta. 14.00etan, mobilizazioekin segitzeko moduaz gogoetako dute Baionako Lan Burtsan izanen den bilkuran.

Hauexek dira Ipar Euskal Herriko kolektiboa osatzen duten eragileak: CGT Cheminots Hendaia et Donibane Lohizune, CGT cheminots Baiona, CGT hôpital, CGT territoriaux Biarritz, LAB, Solidaires, Aitzina, AKM (Amis de Karl Marx), ATTAC Pays Basque, EELV, EH BAI, Ensemble Pays Basque, Indar beltza, La Commune, NPA Pays Basque eta Ezkerreko alderdia.