argia.eus
INPRIMATU
Bilbon hildako langilearen kasua azpikontratazioarekin lotu dute sindikatuek
  • Astelehenean Bilboko Arangoiti auzoan eraikitzen ari diren etxebizitzetan lan istripua izan da eta 49 urteko langile barakaldarra hil da dumper motako ibilgailu batek azpian harrapatuta. Heriotza salatzeko, asteartean elkarretaratzea deitu dute 11:00etan Deustuko San Pedro plazan ELA, LAB, STEE-EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek. CCOOk ordu bete beranduago egingo du protesta.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 02a
Langilea gainera irauli zitzaion \'Dumper\' ibilgailuaren azpian harrapatuta hil da. (Arg.:Deia/J.M.M.)

Dumper ibilgailutik materiala deskargatzen ari zen langilea. Makina maldan eta balazta erabat eman gabe zegoenez, mugitzen hasi eta langilea ibilgailura igo zen gelditzeko. Makina, ordea, bere gainera irauli eta langilea azpian harrapatuta hil da.

Behargina EXBASA lantegiarentzat azpikontratatutako Construcciones Ribaga enpresako langilea zen.

"Ez kasualitatea, ez zorte txarra”

Sindikatuek langileen baldintza prekarioek eragindako heriotza dela adierazi dute, bereziki azpikontratatutako enpresetan lan egiten dutenena, Barakaldoko langilearen kasuan gertatu bezala. Urtea hasi zenetik, Nafarroa eta EAEn lan istripuz hil den 30. langilea dela adierazi du LABek.

Lan-istripuak kasualitatez edo zorte txarraren ondorioz ez direla gertatzen esan du sindikatuak; hain zuzen, prekarietatearen, azpikontratazioaren, behin-behinekotasun, gehiegizko lan erritmoaren eta prebentzio neurrien zein formazio faltaren ondorio direla azaldu du.

“Begi-bistakoa da enpresek eta instituzio publikoek ez dituztela neurriak hartzen obretako lan-istripuak saihesteko”, adierazi du ELAk. Halaber, segurtasun eta osasun neurriak hartu diren ikertzeko eskatu du, istripuaren arduradunek erantzukizuna onar dezaten.