EAEko langile publikoak egonkortzeko oposizio prozesuak “jende asko kanpoan utziko” duela eta euskara eskakizunean malgu jokatzeko eskatu dio Elkarrekin-Podemosek Eusko Jaurlaritzari. Euskara mailen eskakizun handia kritikatu du PPk.
Langileak egonkortzeko prozesuak “jende asko utziko du kanpoan”, adierazi du Elkarrekin-Podemoseko Jon Hernandezek. Eusko Jaurlaritzari esan dio ez dutela izan “beharrezkoa zen malgutasuna euskararen erabilera sustatu eta administrazioan zerbitzu izaera izatea uztartzeko. Gure ustean, malguak izateko aukera legoke, euskararen inguruko itunak hautsi barik”.
PPko Carmelo Barrioren iritziz ere, “euskara mailen eskakizuna handia da, orain arte eskakizun hori izan ez duten behin-behineko funtzionarioen kasuan; beharrezkoa da analisia egitea”.
Eusko Jaurlaritzatik, Olatz Garamendi sailburuak erantzun du euskara profilaren eskakizuna “euskararen normalkuntzarako araudiaren ondorio” dela, “ez da orain martxan jarritako zerbait, dagoeneko existitzen ziren profilak dira”.
EH Bilduk ere nabarmendu du euskara ezinbestekoa dela administrazio publikoan, herritarrok arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko. “Ezohiko prozesu hauek ezin dute suposatu euskararekiko inolako atzerapausorik”.
Eitb-k jaso du eztabaidaren berri.