EAEn langile publiko izateko euskara profila eskatzea diskriminatzailea dela argudiatuz, berriro ere auzitara iritsi da oposizioetara aurkeztu den herritar baten salaketa. Oraingoan, baina, garbi utzi du Donostiako epaitegiak: langile publikoek euskara jakin behar dute, herritarren eskubideak bermatu ahal izateko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioan hamalau zaintzaile plaza betetzeko oposizioak dira auzitara iritsi direnak. Ez da lehenengo aldia, hainbat kasutan izan diren ebazpenek hauspotuta euskara ez dakien herritar batek baino gehiagok jo duelako epaitegietara, argudiatuz langile publiko izateko euskara eskatzea Espainiako Konstituzioaren aurka doala eta diskriminatzailea dela –ez alferrik, sententzian behin baino gehiagotan aipatzen da Irungo udaltzain izateko oposizioetan euskara eskakizuna bertan behera uzteko erabakia–.
Oraingo honetan, epaileak garbi utzi du, hain justu Espainiako Konstituzioak berak EAEn euskara hizkuntza koofizialtzat duela eta beraz berau erabiltzeko herritarrek duten eskubidea bermatzeko langile publikoei euskara eskatzea zilegi dela ondorioztatuz.
Erasoen aurrean, defendatzeko beharra
Langileek eta LAB sindikatuko ordezkariek hartu dute parte auzian, alde demandatu gisa, eta pozez hartu du erabakia sindikatuak, “euskararen aurkako eraso guztien aurrean legearen, sindikatuen eta herritarren defentsa bideratzeko beharra” nabarmenduz. Hizkuntza eskakizuna ezinbestekoa dela dio, artatuen eta senideen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko; azken finean, “euskaraz lan egin dezakeen administrazioak bakarrik bermatuko ditu herritar guztien hizkuntza eskubideak”.