argia.eus
INPRIMATU
Langile publikoen euskara eskakizuna arintzea nahi zuen Irungo Elkarrekin Podemosek, baina ez du lortu
  • Langile publiko izateko hizkuntza eskakizunetan, Eusko Jaurlaritzak "euskaldun pasiboak" (belarriprestak) aintzat hartzea proposatu du Irungo Elkarrekin Podemosek. Atzerapauso garbia eta lan arloan euskarari oztopoak jartzea dela ulertuta, mozioaren kontra bozkatu dute EH Bilduk eta EAJk, eta azkenean ez da aurrera atera.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko azaroaren 02a
Argazkia: Irungo Udala

Zehazki, Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion aintzat hartzea "ulertzeko gaitasun nagusia duten euskaldun pasiboen profil asimetrikoak, herritarrekiko harreman zuzenik ez duten lanpostuetan". Praktikan, horrek lanpostu publikoetan euskara eskakizuna malgutzea esan nahi duela iritzi diote EH Bilduk eta EAJk, euskara bultzatzeko urteotan egin den ahaleginaren kontrako norabidean.

Hala, mozioaren kontra bozkatu dute bi alderdi horiek, PSE abstenitu egin da eta PPk eta Elkarrekin Podemosek proposamenaren alde egin dute. Mozioa ez da aurrera atera.

Dinamika tranpatia

Euskaraldiko esperientzia hartu du oinarri Elkarrekin Podemosek: belarriprestak buruan, euskaraz hitz egin ez arren euskaraz ulertzen duena lanpostu publikoetan ofizialki aitortzea zuen helburu, baina udalbatzan oposizioak gogoratu dionez, euskara eta gaztelania ez daude egoera berean, eta esperientzia herritarra administraziora eramatea dinamika tranpatia da.

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok berak euskarari egindako eraso larritzat jo du mozioa aurkeztea bera.

Ez dezagun ahaztu, langile publikoei euskarazko B2 maila eskatzea "belarriprestak" baztertzea delakoan epaitegietara jo du berriki CCOO sindikatuak. Edota duela hilabete batzuk, Irungo udaltzain izateko oposaketetan euskara eskatzea euskara ez dakitenenganako diskriminatzailea dela iritzita, deialdia baliogabetu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.

Halakoak ikusita, garbia da Irungo oposizioaren mezua: administrazioan euskararen normalizazioak behar duena da babes juridiko irmoa.