argia.eus
INPRIMATU
Langile prekarioen Babes Sarea martxan da Donostian
  • Langile prekarioen eskubideak borrokatzeko egitura berria aurkeztu dute Donostian, Babes Sarea izenarekin. Telefono zenbaki bat eta email bat jarri dute arazoak edo gatazkak dituzten langileentzat.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 19a

Joan den martxoan jardunaldiak antolatu zituzten Intxaurrondoko Letaman gaztetxean. Bertan parte hartu zuten Iruñerriko langileon autodefentsa sareak, Etxegabetzeak Stop, Afectados Por Lanbide eta Movistarreko langile batek. Donostian Iruñerriako eredua jarraituz ekimena abiatzeko asmoa agertu zuten, eta hainbat asanbladaren ostean martxan dute kolektiboa.

Ordukako edota aldi bateko kontratuak, praktika kontratu amaigabeak, autonomo faltsuak, kontratu baliogabetuak, kontraturik gabeko langileak… "denak egoera bereziki larrian" aurkitzen direla salatu dute, eta sindikatuak maiz ez direla langile horiengana iristen. Beraz ordaindu gabeko ordu estrak edo soldatak, baja hartzeko beldurrak, eta gisa horietako bidegabekeriak ugaldu egiten direla sektore hauetan.

Babes Sarearen arabera, arazo guzti horiek “ez dira norbanakoen arazoak” eta “elkarlanean oinarritutako antolakuntzatik gure defentsari ekin” behar diotela adierazi dute. Horretarako 644 735 884 telefono zenbakia jarri dute martxan eta donostiakobabessarea@gmail.com emaila. Lanean edozein motako arazoak dituzten langileek bertara jotzeko gonbidatu dute, denon artean erantzun komunak antolatzeko.

Pasa den ekainaren 30ean Babes Sareak Ernai eta LABekin batera Gogoko Goxua kafetegian izan ziren protesta egiten.

Langile prekarioen borrokak

Azken hilabeteetan ugaritzen ari dira prekarietatea borrokatzeko eredu berriak. Espainiako Estatuan antolatzen hasi diren prekarioen borrokak ugaltzen ari dira: Red de Solidaridad Popular (Madril), Vaga de Totes (Herrialde Katalanak), Sindicat de Barri (Gràcia, Bartzelona), Grupo de Respuesta Inmediata (Kanaria Handia) eta Las Kellys (Espainiako Estatua), besteak beste.

Euskal Herrian, Iruñerriko Langileon Autodefentsa Sarea eta Gazte Langileok kolektiboa daude, Bilboko Eragin kolektiboa, Gazteraikiko lanaren lantaldea, Orereta eta Bilboko Langileen Elikagai Banku Solidarioa... eta orain Donostiako Babes Sarea.