Egogaineko langileek, ia bi urteko borrokaldiari jarraiki, itxialdia egin zuten martxoaren 2an lantokiko sarreran. Hain zuzen ere, egun horretan bertan hasita langile gutxiagorekin beste solairu bat ireki dute, lan baldintza eta pertsona helduek merezi duten arreta duinaren kaltean. Aldundiaren jarrera inposatzailea eta langile zein egoiliarrekiko erakutsi duen mespretxua salatzeko burutu zuten ekintza.
Langileen eurek salatu bezala, "Egogaineko langileok ez gara isildu ia bi urte beteko duen borrokaldi luze honetan, ezta gutxiago ere! Bai ordea bidelagunak galdu, 18 lankidek alde egin behar izan baitute egoerak behartuta, hau da, Aldundiak hartu duen prekarizazio eta esplotaziorantzako norabideagatik".
Langileen hitzetan, "Aldundia zuzentzen duten PNV eta PSEk itxurakeria egiten dute: 'Pertsona helburu', 'Gipuzkoa orain', 'Etorkizuna eraikiz'… marketing hutsa. Egogain gobernu talde hau zer nolako errealitatea eraikitzen ari den adierazle garbia da; zaintza negozio bihurtzen ari dira, zerbitzu publikoak azpikontraten esku utziz. Era berean, zaintza feminizatutako sektorea izanik, lanean aritzen garen emakumeak baztertuz. Egogaineko langileok lan eta bizi duinagatik borrokatzen jarraituko dugu, borrokaren eredu izaten jarraituko dugu".