argia.eus
INPRIMATU
Langileak autogestiorantz Grezian
  • 2011ko maiatzaz geroztik soldatarik jaso ez duten VioMe fabrikako langileek eraikina okupatu dute, Greziako Tesalonika hirian. Jabeek fabrikatik alde egin zuten aspaldi, eta langileek euren kontrolpean berrabiarazi dute. Autogestioaren bidez aurrera egitea posible dela erakutsi nahi dute. "Langileek fabrikak kontrolpean hartzea da bizi dugun tragediari eman dakiokeen zentzuzko erantzun bakarra", diote euren borroka ezagutarazteko sortu duten webgunean.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 14a
VioMe-ko langileek egindako pankarta.

Grezian eta handik kanpo babes zabala jaso dute, baina ekarpen oro lagungarri izango dela diote. Batetik, diru-laguntzak jasotzeko donazio kanpaina abiatu dute Interneten. Eta, bestetik, dei egin dute haien borrokaren berri mundu osoan zabaltzeko. Zentzu horretan, jendeari eskatu diote euren eskualde, herri eta auzoetan autogestio eta kooperatiba ereduak bultzatzeko, hurbiltasuna, errespetua eta elkartasuna ardatz hartuta. "Negozio plan sendoa dugu, eta oso baikor gara enpresaren etorkizunari dagokionean", gaineratu dute.

VioMe-ko langileen hitzetan, abiatu duten moduko egitasmoekin soilik egin ahal izango zaio aurre Greziak bizi duen langabeziari. Gaur egun 2 milioi langabe inguru dago, herritarren %27.

Argentinako langileak aitzindari

Fabrikak kudeatzeko eredu hori ez da berria. Argentinan, adibidez, 2001az geroztik 300 lantoki inguruk langileen kontrolpean funtzionatzen dute, Caos en la Red webguneak nabarmentzen duen moduan. Osasun zentroak, hedabideak, eskolak, hotelak, tailerrak... era askotako enpresak daude tartean. Argentinako eredua Amerika osora zabaldu da, AEBetara barne, baita Europara ere. Chicagon, adibidez, New World Windows-eko langileek ekoizpenaren kontrola hartu dute, lehengo jabeen aurkako borroka luzeen ondoren.