Turkiako Bravo enpresak Zararentzat lan egin ohi zuen, orain ordea, enpresa itxi eta azken hiru soldatak ez dizkiete ordaindu langileei. Langileek aldarrikapenak arropetako etiketetara eraman dituzte.
Protesta egiteko modu berritzailea asmatu dute Zararentzat lan egiten zuen azpikontrata bateko langileek. Bravo enpresak egun batetik bestera lantegia itxi zuen Turkian, baina azken hiru hilabeteetako soldatak ordaindu gabe utzi zituen langileak, La Marea agerkariak jaso duenez.
Egoera horren aurrean, langileek euren aldarrikapenak arropetako etiketetara eraman dituzte. Change.org orrialdean ere sinadura bilketa bat abiatu dute, jadanik 20.000 sinadura bildu dituzte.
Zara jantzi marka Inditex konpainiako parte da. Pull&Bear, Massimo Dutti eta Bershkaren gisako markak ere Inditex konpainiaren barruan daude. Amancio Ortega espainiarra da konpainia horretako akziodun nagusia, munduko laugarren pertsonarik aberatsena Forbes zerrendaren arabera.
Inditex eta langileen esplotazioa
Ez da aurreneko aldia, Inditex, langile esplotazioari loturiko auzietan nahastuta dagoena. Brasilen esaterako, esklabutza lanak eginarazteagatik kondenatu zuten multinazionala. Bangladeshen dituen “miseria tailerrak” ere ezagunak dira. BBCk duela gutxi salatu du, Zarak Turkian dituen zenbait azpikontratek Siriako haur errefuxatuak esplotatzen dituztela legez kanpo.
Duela egun batzuk Bershkako 300 bat langilek protesta egin zuten Amancio Ortegaren Fundazioaren aurrean euren lan eskubideen alde eta soldata berdintasuna eskatzeko. CCOO sindikatuak salatu zuen Inditexeko langileak “muturreko” egoeran bizi direla.