argia.eus
INPRIMATU
Langileen eskubideak errespetatzea eskatu dute Ezpeletako biperra biltzen dabiltzan sasoilariek
  • Aterpetzeko dituzten baldintza txarrak salatu dituzte Ezpeletan eginiko manifestazioan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko abuztuaren 31
Biperrak biltzen dabiltzan laborari eta sasoilari batzuk, Ezpeletan (Argazkia: Radio France)

Azken urteetan errepikatuz doan arazoa plazaratu dute Ezpeletako biperrak biltzen dabiltzan sasoilariek: lan eta bizi baldintza kaskarretan dabiltza batzuk. "Leku duin bat behar dugu" aldarria lehen lerroan jarri eta manifestazioa egin zuten agorrilaren 30ean hogeita hamar bat langilek. Bezperan jadanik mobilizatu ziren herriko plaza hartuz. Kontua da sasoilarien gehiengo handia ez denez lekukoa, aterpea ezinbestekoa izaten dutela gehienek. Alta, salatu dutenari segi, nagusi guztiek ez dute eskubide hori bermatzen eta baldintza prekarioetan akanpatu behar izaten dute.

Arazoari aterabide bat atzemateko asmoz, komisio bat osatu zuten duela bizpahiru urte Ezpeletako Biperraren Sindikatuaren baitan, baina ez dute oraingoz soluziorik adostu.

Euskal Irratiak komunikabidea egon da protestan eta horra hemen zabalduriko txioa: