Loiun (Bizkaia) eta Olletan (Nafarroa) hil dira langileak, astearte goizean, biak erorikoen ondorioz. Aurten Euskal Herrian 47 behargin hil dira laneko istripuetan. Nafarroan hamabi lan istripu izan dira aurtengo lehen seihilekoan, eta lan istripuen intzidentzia tasan datu okerrenak dituen erkidegoa da.
Bi langile hil dira gaur goizean Bizkaia eta Nafarroan, biak erorketen ondorioz. Euskal Herrian aurten lan istripuan hiltzen diren 46 eta 47. langileak dira, LAB sindikatuaren kontaketaren arabera.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, goizeko 11:10ean 47 urteko gizonezko bat Loiuko Larrondo kaleko pabiloi baten teilatutik erori da. Larrialdi zerbitzuak heldu direnean gizonezkoa hilda zegoen jada, eta bere heriotza egiaztatu baino ez dute egin.
Hogei minutu beranduago beste behargin bat hil da Nafarroan, Olletako kontzejuan, Leotzeko terminoan. Goizeko 11:30etan 28 urteko gizonezko bat telefono zutoin batetik erori eta hil da Lergako Bidean. SOS Nafarroak zehaztu duenez, Tafallako suhiltzaileak, anbulantzia, helikoptero medikalizatua eta Foruzaingoa azaldu dira Lergako Bidean. Behargina zortzi metrotatik erori da eta kasu honetan ere larrialdi zerbitzuek ezin izan dute langilearen heriotza ekidin.
Nafarroan seihileko honetan gertatzen den hamabigarren lan-istripua da hau, eta Diario de Noticias de Navarra egunkariak jaso duenez, erkidegoan jazotzen diren lan istripu larrien, oso larrien edota hilgarrien artean laurdena erorketengatik gertatzen dira. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko azpizuzendaritzak ohartu du istripu horiek ekidin daitezkeela "segurtasun neurri egokiak hartuz gero". Nafarroa ehun mila langileko baja eragin duten lan istripuen intzidentzia tasan datu okerrenak dituen erkidegoa da, estatuko batez bestekoa baino ehun puntu altuagoa.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak 2014 eta 2023 urteen artean gertatu diren 509 istripu larri, oso larri edo hilgarri ikertu ditu guztira, eta horietatik 122 altuerako erorketei lotuta zeudela ondorioztatu du.