argia.eus
INPRIMATU
COVID iraunkorra duen langile bati ezintasun iraunkor absolutua aitortu dio Bilboko Lan Arloko Epaitegiak
  • Bilboko Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuari eta ezintasun iraunkor absolutua onartu dio COVID19 iraunkorra duen osasun zentro bateko zeladore bati.

     

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 07a

Koronabirusak eragindako infekzio baten ondoren, COVID19 iraunkorra diagnostikatu zioten langileari. Patologia horrek neke kronikoa eta sindrome depresibo erreaktibo larria eragin dizkio. Narriadura kognitibo moderatua ere badu; kontzentrazioan, prozesamendu abiaduran eta memorian eragina du.

Nekea, zorabioak, ezegonkortasuna, insomnioa, takikardia eta bestelako sintomak dauzka langileak, lanarekin bateraezinak direnak. Bestalde, ezkerreko hemiparesia du. Herrenka ibiltzen da, eta orientazio eta indar galera orokorrak pairatzen ditu.

Gauzak horrela, ELA sindikatuak lan osasuneko fundazioari bide emango dio kalte ordainak eskatzeko, eta enpresak prebentzio neurriak ez betetzeagatik prestazio errekargua exijitzeko.