argia.eus
INPRIMATU
Langile batek Azkuna Zentroan pairatutako eraso matxista salatu dute
  • LAB sindikatuak salatu du erasoa, asteartean egindako pikete feministan. Abuztuan gertatu zen erasoa, baina Azkuna Zentroak gertatutakoaren berri eman ez izanak atzeratu egin du jazoera ezagutzea.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 22a
(Argazkia: Ecuador Etxea)

Erantzukizunak beregain hartzea eta langileen babesgabetasuna ekiditeko neurriak ezartzea exijitu dio Bilboko Azkuna Zentroari LAB sindikatuak, asteartean egindako pikete feministan. Langile batek kultura eta aisialdi zentroan pairatutako erasoa izan da mobilizazioaren arrazoia.

Abuztuan gertatu zen erasoa. Lanalden enpresako langilea Azkuna Zentroko teilatura bidali zuten lanera, erakusketa batera, nahiz eta kontratuz ez zegokion agindutako lana egitea. Bakarrik zegoen momentu batean, gizon batek gainera egin zion salto, eta sexu erasoa egin. Emakumeak salaketa jarri zuen.

Sindikatuak jakitera eman duenez, Azkuna Zentroak ez zuen erasoaren aurrean neurririk hartu, eta biharamunean berriz bidali zuen langilea lan bera egitera, baldintza berdinetan. Zentroak jazarpen sexualen aurkako protokoloa izan bazuela, baina ez zuela martxan jarri adierazi du LABek. Protokoloa ez aktibatu izanaren ondorioz enpresa bezala dauzkan erantzukizunei ez ikusiarena egin diela leporatu dio sindikatuak, baita emakumearen segurtasunaz eta honek pairatu zitzakeen ondorio psikologikoez arduratu ez izana ere.

Horrekin batera, Azkuna Zentroak gertakariaren berri eman ez izana ere salatu dute. Erasoaren bueltako isiltasun horren ondorioz Lanaldenek ez zuen izan gertatutakoaren berri azarora arte, enpresaren “informazio eskubidea eta funtzio sindikalak gauzatzea ukatuz”.