argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko hotel bateko jabea zigortu dute, langile bat sei urtez atseden egunik gabe izateagatik
  • Iruñeko Castillo de Javier hotelaren jabea, Juan Carlos Ciprés, zigortu egin dute bulgariar jatorriko emakume bat sei urtez asteko zazpi egunetan etenik gabe lanean izateagatik. Langileak aireztapenik gabeko garbiketa gela batean egiten zuen lo.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 25
Castillo de Javier hotela.

Iruñeko San Nikolas kalean dagoen Castillo de Javier hotelaren jabeari bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak, langileen esplotazioagatik. Sei urtez bulgariar jatorriko emakume bati ez dio jaiegun bakar bat ere eman. 

Langilearen lanaldia atsedenik gabe luzatzen zen astean zehar. 2008tik 2015era bitartean, egunero lanaldi bikoitzean egiten zuen lan, 8:00etatik 15:00etara logelen garbiketan, astelehenetik igandera, atseden-egunik gabe. Horretaz gain, hoteleko gaueko txandataz arduratzen zen, 23:00etatik aurrera, establezimenduaren harrera ixten zenean, larunbatetan izan ezik, egun horretan harrera irekita egoten baitzen gau osoan. Atseden bakarra larunbateko gaua zen.

2015eko apirilera arte, langilea hotelean bizi zen, eraikineko bosgarren solairuko atikoan zegoen gela estu eta itxi batean. Hoteleko lentzeria eta garbiketako produktuak gordetzen ziren biltegi batean, eta han ohe osagarri bat jarri zioten. Gelak ez zuen kanporako argiztapen ezta aireztapenik.

Naiz-ek jakinarazi duenez, Juan Carlos Ciprések 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari. Hotelaren jabea Nieves Ciprésen anaia da. Nieves Ciprés Derecha Navarra y Españolaren sortzailea da, eta UPNren zinegotzi izan zen Iruñean, PPra igaro baino lehen.