argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Zumaian, lan istripu baten ondorioz
  • 41 urteko emakumea da zendutakoa. LABek jakinarazi duenez, lan istripu ez traumatikoak eragin du honen heriotza.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 12a

Astelehenean jazo zen ezbeharra, Zumaiako (Gipuzkoa) Mendiaraiz enpresan.

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, lan istripu ez traumatiko baten ondorioz hil da langilea. Sindikatuaren arabera, “lan istripu ez traumatikoak, bihotzekoak edota iktusak, lan heriotzen kausa nagusia dira”. Azpimarratutakoaren arabera, azken urteetan lan istripu mota hau areagotzen ari da, gaur egun lan heriotzen eragile nagusi bilakatzeraino. “Lan istripu hauen atzean lan eta enplegu baldintza txarrak aurkitzen dira. Presioa, lan erritmo altua, lan karga handiak, denak ere gaixotzen gaituzten eta zenbaitetan heriotza eragiten duten faktoreak”.

LAB sindikatuak daraman lan heriotzen kontaketaren arabera, urtea hasi zenetik gutxienez bederatzi langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian. Hauetatik lau lan istripu ez traumatikoen ondorioz, jakinarazi du sindikatuak.