Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.
Hala ere, ez dago garbi gertaerak nola izan ziren. ELAk dioenez, “enpresako arduraduna eskorga batekin egurrezko pakete batzuk mugitzen ari zela, beste egurrezko pakete batzuk irrist egin zuten eta inguruan lanean ari zen langile baten gainera erori ziren, langilea harrapatuta”.
LABen esanetan, langilea orga jasotzailearekin ari zen lanean biltegian inbentario lanetan, eta “ezagutzen ez diren arrazoiengatik, garraiatzen zuen zama gainera erori zitzaion”. Segurtasun Sailaren arabera, istripua 13:30ak aldera gertatu zen, langileari “pieza bat gainera erortzean”. LABek gogorarazi duenez, 2015ean beste langile bat hil zen enpresa horretan, pieza batek emandako kolpearen ondorioz.
ELAren ustez, “prebentzio-neurririk eza da, berriz ere, istripu berri honen sorburua”. Enpresek ez dituzte prebentzio-neurriak lanpostu bakoitzera egokitzen, eta horrek istripuak eta laneko gaixotasunak areagotzen ditu, sindikatuaren esanetan. Lantokietako prekarietateak nabarmen egin du gora, eta horrek langileen osasunari eta segurtasunari eragin die zuzenean”.
LABek ikerketa zorrotza eskatu du eta “argitu daitezela balizko erantzukizunak”. Sindikatuaren arabera, 2024an 63 langile hil dira. ELAren datuetan 65 hildako irakurri daitezke: Bizkaian 20, Gipuzkoan 18, Araban 3 eta Nafarroan 24. Sindikatuen arabera, 2023an 100.000tik gora lan istripu izan ziren.
2007tik 2020ra arte izan diren lan istripu hilgarriak bildu ditu LABek bere webgunean. Sindikatuaren aburuz, datuok argi uzten dute enpresek kontrol neurri handiagoak behar dituztela lan osasuneko: “Behatzaile kopuruak handitu behar dira eta Osalanek izan beharko luke zigortzeko ahalmena, ez bakarrik aholkularitzarena”. Lan istripu gehienak, dena den, ez dira traumatikoak, eta bihotzekoak, iktusak eta bestelako gaixotasunek eragindakoak dira.