Ostiral goiz honetan gertatu dira istripuak. Urnietako kiroldegian lanean ari zen 59 urteko langile bat eta Amurrioko eraikin batean konponketak egiten ari zen 54 urteko langile autonomo bat hil dira lan istripuetan.
Pavimentos Tecnológicos Zarra enpresarentzat egiten zuen lan Urnietan zendu den pertsona. Miguel Imaz enpresako azpikontrata da Urnietako Udalerako kiroldegia berritzeko obra batzuetan ari zen lanean. Oraindik ez dira guztiz zehaztu istripuaren arrazoiak, baina ELAren esanetan, “hormigoia botatzeko lanetan ari ziren obran eta kamioiaren besoetako batek oreka galdu eta luma [garabia] mugitu du, honek langilea kolpatu eta heriotza eragin dio”.
Amurrion 54 urteko langile bat hil da ostiral, aldamiotik erorita. 10:30ean gertatu da lan istripua, Goiena kaleko eraikin bateko obretan. Osalanek ikerketa bideratuko du, heriotzaren arrazoiak argitzeko.
Aurten Euskal Herrian 52 pertsona hil direla ere azpimarratu du ELA sindikatuak. Eraikuntzaren sektoreak prekarietate handia bizi duela salatu du eta, lan eta prebentzio eremuetan etengabeko lege-urratzeak ematen direla, lan baldintza gogorrak eta langileek presio handia jasaten dutela: “Ezbeharrak gertatzeko koktel perfektu bilakatzen dira, kasu honetan gertatu den moduan”.
Datorren asteartean euskal gehiengo sindikalak deituta salaketa bilkura egingo dute Urnietako udaletxearen aurrean 13:00etan, LABek txio batean iragarri duenez.
Langile bat hil da Urnietako kiroldegiko eraberritze lanetan; lan heriotzen sarraskiak eraikuntza sektorea kolpatu du oraingoan #PrekaritateaHiltzailea
Asteartean, 13:00etan, udaletxearen aurrean mobilizatuko gara gehiengo sindikalak deituta
???https://t.co/XpF86brChn pic.twitter.com/qFGrrosals
— LAB SINDIKATUA (@LABsindikatua) October 15, 2021