argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Tubacexen Amurrioko lantegian, bihotzeko baten ondorioz
  • Langilea eskualdekoa zen eta Zamalloa enpresa azpi-kontratatuarentzat egiten zuen lan.

Aiaraldea @aiaraldea 2024ko azaroaren 11
Tubacexen Amurrioko lantegian jazo da heriotza. Aiaraldea.eus

Behargin bat hil zen ostiral goizean Tubacexen, 8:20ak aldera, bihotzeko baten ondorioz. Hala baieztatu dio Ertzaintzak Aiaraldea Komunikabideari. LAB sindikatuak oharra zabaldu du eta erantsi du A.S.O. beharginak 57 urte zituela.

Enpresa Batzordeak azaldu duenez, behargina eskualdekoa zen eta Zamalloa enpresa azpi-kontratatuarentzat egiten zuen lan. Sindikatuek azaldu dutenez, langilea ondoezik sentitu da lanera sartzerakoan eta orduan gertatu da ezbeharra. "Gertatutakoa aztertuko da, eta enpresak esan digu datorren astean emango dituela dagozkion azalpenak", azaldu dute.

LAB sindikatuk, bere aldetik, honakoa adierazi du: "Azkeneko lan heriotza honetan, bat egin dute laneko heriotza ugaritan aurki ditzakegun bi ezaugarrik. Batetik, azpikontrata bateko langilea zen hildakoa, eta bestetik, istripu ez traumatikoa izan du. Gainera, heriotza hau Confebask patronalak absentismoari buruz antolatutako jardunaldien hurrengo egunean izan da, eta horrek, berretsi baino ez gaitu egiten behin baino gehiagotan salatu dugunean, patronalarentzat laneko osasun eta segurtasuna ez direla lehentasunak, ez diola prebentzioari garrantziarik ematen eta doan ateratzen zaiola araudia ez betetzea".

52 hildako lanpostuetan aurten

Azken honekin, 52 dira 2024an lanean zeudela Euskal Herrian hildako langileak. Iragan urriaren 15ean Mohamed Lazraq urduñarra zendu zen Aminatec 3000 enpresarentzat lanean ari zela.

Gaurkoa ez da Tubacexen jazotako lehen lan heriotza. 2019an bi pertsona zendu ziren multinazionalak eskualdean dituen lantegietan. Lehena praktika dualak egiten zebilen lantegian, pieza bat gainera erori zitzaionean. Bigarrena, aldiz, bihotzekoak jota hil zen, bero handiko gune batean lanean ari zela.