argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Laudioko Tubacex enpresan istripu baten ondorioz, ostiralean manifestazioa eguerdian
  • Ertzaintzak berretsi du gizonezko gazte bat zendu dela ostegunean Tubacex taldeak Laudion duen lantegian. Ekoizpena gelditu dute bertan zein Amurrion beharginek eta ostiralean 12:00etan manifestazioa aterako da faktoriatik bertatik.

Aiaraldea @aiaraldea 2019ko uztailaren 05
Suhiltzaileak Tubacex enpresara heltzen. (Argazkia: Aiaraldea)

Ertzaintzak adierazi duenez, 16:00ak aldera izan du istripuaren berri. Aiaraldea hedabideak jakin duenez, behargina lanean zegoela, makina batek harrapatu du. Hedabideen arabera, 25 urte zituen hildakoak.

Ertzaintzaren Prentsa zerbitzuaren hitzetan, ez dakite gehiago; Osalan erakundearen esku geratu baita ikerketa. Suhiltzaileak eta anbulantzia ere bertaratu dira lantegira.

Sindikatuko ordezkariak 17:15ak aldera hurbildu dira lantegira. Berez, langileek ekoizpena gelditu dute Laudion eta Amurrion eta faktoria hutsik utzi dute. Ostegunean eta ostiralean lanuztea egingo dute eta, gainera, 12:00etan mobilizatuko dira. Lantegiko atetik abiatuko dira herriko plazara joateko.

 

 

Langileak lantokitik atera dira, protesta gisa. (Argazkia: Aiaraldea)

 

 

Ostegun arratsaldean batzar irekia egin dute lantegiaren sarreran eta giroa amorruz, tristuraz eta tentsioz beterikoa izan da. Langile batzuek aldarrikatu dute enpresan dagoen prekarietatearen ondorioz hil dela gaztea, eta arduradunei izen eta abizenak jarri behar zaizkiela. Bitarteko eta langile berrien trebakuntza falta azpimarratu dute.

Langile batzordeko ordezkariek ziurtatu dute istripuaren arrazoi teknikoak ezagutu gabe, argi dagoela Tubacex enpresan dagoen prekarietatearen emaitza izan dela gaztearen heriotza.

Duela 9 urte emaitza bereko istripua gertatu zen lantegi berean eta Ugaoko gazte bat zendu zen. Eskualdean, ordea, horrelako heriotzak ez dira eten eta, esaterako, Orozkoko harrobiko bi behargin hil ziren iaz.