Zamalanak egiten ari zela bi ibilgailuaren artean zanpatuta hil da, LAB sindikatuak salatu duenez. Urteko zazpigarren lan istripu hilgarria da Hego Euskal Herrian.
Asteazken eguerdian garraiolari bat hil da Olaberriko (Gipuzkoa) Arcelor Mittal enpresan. LABek jakinarazi du heriotza: “Lehen datuen arabera, hildako garraiolaria zamalanak egiten ari zela ibilgailua gainera etorri zaio, eta beste kamioi baten kontra zanpatu du. Garraiolaria berehala zendu da”. Hildakoaren senide, lagun eta lankideei elkartasuna adierazi eta istripua salatu du sindikatuak.
Urteko zazpigarren heriotza Hego Euskal Herrian
2013an enpresa berean antzeko beste heriotza bat gertatu zela nabarmendu du LABek. Aurten zazpi dira Hego Euskal Herrian lanean hildako langileak sindikatuaren arabera. Horren aurrean, mobilizatzeko deia egin du, “guztien artean, langile zein jendarte, sarraski hau geldiarazi dezagun”. Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaio: “Non daude Gasteizko gobernuko arduradunak heriotza horiek salatzeko? Zer aldaketa egiteko eta zer pauso emateko prest daude egoera eta eredu kriminal hau geldiarazteko?”.