argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Petronorren konortea galdu ostean
  • Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.

Leire Ibar 2024ko azaroaren 19a
Lau langile hil dira Petronorreko findegian azken hamar urtetan. Eguzki

Siemsa enpresa azpikontratarentzat mantentze lan elektrikoak egiten zituen langileak, eta lan horiek egiten ari zen bitartean hil da Petronorrek Muskizen duen findegian, UGTk jakinarazi duenez. Osasun zerbitzuen esku-hartzea azkarra izan arren, suspertzea ezinezkoa izan zela adierazi du sindikatuak.

Hori horrela, UGTk lan-istripua ikertzeko eskatu dio Osalani, heriotza zerk eragin duen argitzeko.

Horrekin 56 dira 2024an Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz hil direnak, LAB sindikatuak daraman kontaketaren arabera.