56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.
Langilea hondakin horietako batzuk biltzen dituen biltegia ari zen garbitzen leherketa handi bat gertatu denean. Leherketaren indarrak biltegiaren kupula ondoan dagoen Ega ibaiaren bazterretara jaurti du.
Aldi berean, leherketaren ondoren langileak ohartu dira haietako bat falta zela. Ondoren, hilda topatu dute. Lizarrako Polizia Etxeko foruzainak arduratuko dira ikerketaz. Hildako langilearen gorpuari, halaber, autopsia egingo diote.
Aste honetan beste bi langile ere hil dira Euskal Herrian, bat Nafarroan, Leozen, eta bestea Loiun, Bizkaian. LAB sindikatuak egindako zenbaketaren arabera, aurten dagoeneko 48 langile hil dira Euskal Herrian.
Ostegun honetan bertan, LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute Iruñeko Gazteluko plazan, langileen heriotzak salatzeko. Atzokoan bereziki salatu zuten “altuera faktorearen intzidentzia Nafarroako lan istripu hilgarrietan”. Sindikatuen esanetan, azken hiru urteetan hamar langile hil dira altueratik jausita.