Euskal Herriako 52. langilea da aurten lanean hil dena. Abuztuaren 22ko arratsaldean jazo zen ezbeharra Markinako Zeleta harrobian.
Ertzaintzak jakinarazi duenez B.F. langileak 34 urte zituen. Zeleta harrobian lanean ari zela harritzar batek harrapatu eta hil egin zen. LAB sindikatuak ezbeharra salatu du eta adierazi du “behin eta berriz” jarri dutela mahai gainean istripu hauek ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira. Euskal Herrian 52 langile hil dira lan istripuz aurten, horietatik bost abuztuan.
Sindikatuak nabarmendu du Amenabar taldekoa dela harrobia eta argudiatu du ingurugiroarekiko arau hausteez gain orain ere badakitela lan osasuneko araudia ez dela betetzen. Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari adierazi dio erruaren zati bat hark duela: “Patronala kontrolatzeko eta lan osasunerako araudia betearazteko dituen bitartekoen erabilera ankerra egitean, betearazpen hori bera desitxuratzen du eta patronalak nahi bezala jokatzen jarraitzen du”.
Sindikatuak dei egin du gehiengo sindikaletik deitutako mobilizazioetan parte hartzera senide eta lagunei babesa eskaintzeko eta “behingoz neurriak har daitezen” aldarrikatzeko.