argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Gaviota petrolio plataformara zioan ontzitik erorita
  • Gas natural biltegira bidean zen ontzitik erorita hil da langilea. Dagoeneko hamabi dira aurten Euskal Herrian lan istripuz hildako langileak.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 17a
(Argazkia: aherrero)

Asteazken arratsaldean gertatu zen lan istripua, 18:00ak aldera, Ertzaintzaren arabera. Bermeoko kostaldetik gertu dagoen Gaviota petrolio plataformara zioan ontzitik uretara erori zen 50 urteko langilea. Erreskatea gauzatu eta langilea konorterik gabe atera zuten uretatik, beste ontzi batean portura bideratuz. Han larrialdi zerbitzuek langilearen heriotza baieztatu zuten.

Gas natural biltegia da Gaviota plataforma, eta Enegas enpresak kudeatzen du. Kostaldetik zortzi bat kilometrora dago, eta bertako langileak helikopteroz bertaratzen badituzte ere, hornikuntza lanak ontziz gauzatzen dira.

Ezbehar honekin, hamabi dira aurten Euskal Herrian lan istripuz hildako langileak.