argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Gasteizko Michelinen lantegian, bigarrena hiru hilabetean
  • Ferroser enpresak azpikontratatua, Gasteizko Michelinen lantegian beharrean ari zen gizon bat hil da. Pisu handiko pieza bat gainera erori zaionean gertatu da ezbeharra. Abuztuan ere beste langile bat zendu zen lantoki berean. Hori salatzeko 24 orduko lanuzteari ekin diote.    

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 28a
Agerraldia egin dute Michelinen lantegi aurrean (Arg: LAB)

Istripua gurpil handien sailean gertatu da. Horiei forma emateko erabiltzen den 5.000 kiloko molde bat askatu eta gainera erori zaio 30 urteko gizonari. Gasteizko Michelin enpresan zegoen lanean, Ferroserrek azpikontratatua.  

Aldi baterako langilea zen. Sei hilabeteko esperientzia zuen lanpostuan, baina LAB sindikatuak azaldu duenez, behar hori “modu egokian” garatu ahal izateko “ezinbestekoa da bi urteko eskarmentua izatea gutxienez”. Prebentzio neurri nahikorik ez dagoela salatu du sindikatuak. Horrek lan istripu ugari eragin ditzakeela ere azaldu du, “zabor kontratu eta gehiago ekoiztu beharraren presioarekin batera”.

Gasteizko Michelin lantegian hiru hilabetean hil den bigarren langilea da. Izan ere, abuztuaren 1ean enpresa berean beharrean zegoen beste gizon bat zendu zen. Orotara, 48 langile hil dira aurten Hego Euskal Herrian lan istripuetan.   

Michelin eta Ferrovial Servicioseko enpresa batzordeek 24 orduko lanuztea deitu dute gaurko. Tartean bi agerraldi egingo dituzte: bata ostiraleko 8:00etatik 12:00etara Michelinen lantegiko ate ondoan, eta bestea ostiraleko 13:00etan Gasteizko Correos plazan.