argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Gasteizen aldamiotik behera erorita, urteko lehena
  • Urteko lehen lan egunean, lehen langilea hil da Gasteizen. Olarizu auzoan, aldamio batean beharrean ari zela amildu ondoren. 2019an 44 lagun hil ziren prekarietate baldintzen ondorioz Euskal Herrian LAB sindikatuaren arabera.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko urtarrilaren 02a
Gasteizko Olarizu etorbidean hil da langilea, beharrean ari zela aldamio batetik erorita

Lehen langilea hil du urtarrilaren 2ak Gasteizen, Euskadi Irratiak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila aipatuta jakinarazi duenez. Ostegun eguerdian hiru metroko altueratik amildu da behargina eta erreanimatzen saiatu diren arren, osasun-zerbitzuek ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko.

CCOOk azaldu duenez, 54 urteko gasteiztarrak denbora gutxi zeraman Arnaiz Asc 21 enpresak kontrataturik eta arnesik gabe ari zen eraikin bateko aldamioa muntatzen. Urtarrilaren 2a ez da lan eguna eraikuntzan Arabako lan hitzarmenaren arabera, sektore horretan Eguberritan egin ohi duten etenaldiari jarraiki. Hala ere, hildakoa eta bere hainbat lankide obran ari ziren.

Eusko Jaurlaritzako Osalan laneko segurtasunerako erakundeak jakinarazi du ikerketa abiatuko duela heriotza hori dela-eta.

Prekarietatea, lan heriotzen aldagai

Hildako langileen estatistika abiarazi du Olarizu auzoan jazotakoak, urtea hasi eta bi egun ere igaro ez direnean. LAB sindikatuaren arabera, 2019an 44 langile hil ziren Euskal Herrian –horietako bi atzerrian lanean ari zirela hil ziren, Mexikon eta Bretainian–; azkenekoa Iruña-Okan, 46 urteko gizonezkoa.

Horiei gehitu behar zaie laneko gaixotasunengatik, amiantoa kasu, hildakoak. Nolanahi ere, iaz hildakoen kopurua aurreko urtekoa baina baxuagoa da iturri bera hartuta, 22 lagun gutxiago hain zuzen, eta azken bost urteetako txikiena da.

Baina sindikatuek oharatarazi dute jarduera ekonomikoaren eta heriotza kopuruaren tasan gero eta pisu handiagoa duela lan-prekarietateak. Heriotza horietako asko lan baldintza kaskarragoak dituzten azpikontrataturiko langileenak edo "autonomo faltsu" bezala lan egiten duten garraiolarienak dira.