argia.eus
INPRIMATU
Greba egingo dute asteartean Iruñeko FCC-ko langileek, Iosu lankidearen heriotza salatzeko
  • Lan istripuz 33 pertsona hil dira Euskal Herrian aurten. Azkenekoa, Iruñeko sanferminetan garbiketan lanean ari zen Iosu izeneko langilea. Kamioiaren gainetik erori zen eta hartutako golpe larriaren ondorioz hil da. LABek FCC (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) enpresari heriotzaren erantzule izatea leporatzen dio. Asteartean greba egitera deitu dute enpresako langileek heriotza salatzeko.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko uztailaren 22a

FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langile batek istripua izan zuen lanean ari zela uztailaren 10ean. Zabor edukiontzien hustuketan ziharduen Iosuk kamioiko kabinara igo behar izan zuen, kontainer bat trabatuta gelditu zelako. Irristatu eta altura horretatik erori eta buruan kolpe larria hartu zuen. Ostiralean hil zen.

Zabor bilketa normalean kamioiaren gidariak egiten du, baina kontainerra trabatzen bada gidariek protokolo bat dute lana segurtasunez egiteko. Prozedurak, beste langile batzuen presentzia, baita lanaren arduradunarena eta eskailera berezi batzuk erabiltzea exijitzen du segurtasuna bermatzeko.

LAB sindikatuak salatu duenez, langileek ohartarazita zuten enpresa kamioi berriek “arazo” asko sortzen zizkietela lana burutzerakoan. Gainera, egoera horietarako “protokolo” bat bazegoen ere, langile guztiek “ez zuten ezagutzen”.

"Etekin ekonomikoei bakarrik erreparatzea" leporatu dio LABek garbiketa enpresari: “Berriro ere FCC enpresak, zerbitzuari etekin ekonomiko gehiago ateratzeko behar direna baina langile gutxiago kontratatu ditu lan arriskutsu bat egiteko eta honek eragin du segurtasun protokoloan ezin abian jarri izatea, istripu hilgarri berri bat eraginez”.

Lan istripuetan administrazioak duen ardura eta horiek ekiditeko egin behar den prebentzio lanetan jarri du fokua sindikatu abertzaleak: “Administrazioak esleitutako kontratuen garapenean ez dira segurtasun neurriak betetzen enpresa hauen interes ekonomikoak langileen bizitzaren aurretik daudelako. Administrazio orori eta euren kudeatzaileei eskatzen diegu, esleipenetan lan osasun klausulak barneratu ditzatela enpresa hauei prebentzio araudia betearazteko. Hamarkada luzeetan erakutsi baitigute behartu ezean ez dutela laneko osasunerako araudia beteko”.

Greba eguna deitu dute enpresako langileen komitekoek asteartean, lan istripua salatzeko. LABek gogoratzen duenez, Nafarroan aurten hiltzen den zortzigarren langilea da Iosu eta Euskal Herriko 33.a.