Behargina hamar metroko garaieratik jauzi da eraikineko beirategitik sarrerako zorura. Jadanik 50etik gora dira aurten Euskal Herrian lan istripuengatik hildakoak, horietako asko azpikontrataturiko enpresetan jarduten zuten.
Bilboko Albia eraikineko aurrealdea eraberritzen ari dira guztiz eta obra horietan ari zen langile bat hil egin da asteazken arratsaldean, 10 metroko garaieratik jauzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak Europa Press agentziari labur azaldutakoaren arabera bertara anbulantzia bat joan da, baina langilea hilda zegoen ordurako.
Bilboko EH Bilduk jakinarazi duenez, Udaleko Bozeramaileen Batzordea bildu dadila eskatuko du, istripuari buruzko argipenak jasotzeko.
Lan istripuz hildako langileen kopuruak ez du behera egiten, aurten 50etik gora dira eta horietako asko azpikontrataturiko enpresentzat egiten zuten lan. Pasa den astean Gasteizko Michelin enpresan Ferroser konpainiarentzat lan egiten zuen langilea hil zen, bigarrena oso denbora laburreran. Sindikatuek salatu dute heriotza guztiok lan baldintza prekarioek eragindakoak direla.
[Eguneraketa, 2016-11-02, 21:30]
LAB sindikatuak jakinarazi duenez Albia eraikinean hildako 41 urteko langilea Sesman enpresarentzat egiten zuen lan, Construcciones Olabarrik azpikontrataturik. ELAk, bere aldetik, eskatu du administrazioaren inplikazio handiagoa eta "ikuskaritza neurriak hartu" ditzala halako kasuetan.
LAB, ELA, ESK, CGT eta STEE-EILAS sindikatuek bilkura egingo dute azaroaren 4an eguerdiko 12:00etan istripua izan den tokian gertaera salatzeko.