argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Beasainen
  • Zirkuko akrobata da hildakoa. Astelehenean, entrenatzen ari zela, altueratik erori zen eta ordu batzuen buruan zendu zen. Aste honetan bi langile zendu dira, eta hirugarren bat larriki zauritu da.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 21

29 urte zituen zendutako trapezistak, eta konfinamendua hasi zenetik Beasainen dagoen II Circo Italiano zirkuan egiten zuen lan.

Segurtasun sailaren arabera, astelehenean gertatu zen istripua, langilea entrenatzen ari zela. Altueratik erori zen, eta buruan kalte larriak eragin zizkion kolpeak. Donostia Ospitalera eraman zuten gaztea, baina ordu batzuen bueltan hil egin zen.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du kasuaren bueltan.

Jazotako lan istripu gehiago

Beasainekoa ez da aste honetan jazotako lan heriotza bakarra. Asteazken arratsaldean 38 urteko langile bat hil zen Bilboko Portuan, pieza handi batek azpian harrapatu ostean.

Asteazken goizean, aldiz, larri zauritu zen beste langile bat Azkoitian. 51 urteko behargina lau metroko altueratik erori zen, kable instalazioa egiten ari zela.