argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Barakaldon
  • 62 urte zituen hildako langileak. Aldamioan lanean ari zela makina astuna erori zitzaion gainera. Gertakariaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute asteazken arratsaldean Barakaldon, prekarietatea eta lan baldintza txarrak salatzeko.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 09a

Astearte arratsaldean gertatu zen lan-istripua, 15:45 inguruan. Barakaldoko Zuatzu auzoko Maiatzaren Lehena kaleko eraikin batean obra lanak egiten ari ziren, eta aldamiora igota zegoen langileari makina astuna erori zitzaion gainera. Naizek jaso duenez, langilea momentuan hil zen, eta bertaratutako osasun langileek heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin.

62 urte zituen zendutakoak, eta migratzailea zen. Urtea hasi denetik Euskal Herrian hildako zazpigarren langilea da.

Mobilizazioa

Epe-motzean Barakaldon jazotako bigarren lan-heriotza da asteartekoa. Urtarrilaren 3an 59 urteko langile batek galdu zuen bizia, lan istripu ez traumatiko baten ondorioz, La Casa del Electricista-n lanean ari zela. Gertakarion aurrean, herriko hainbat kolektibok elkarretaratzea deitu dute asteazken arratsaldean. 19:00etan hasiko da, Bide Onera plazan.

"Mobilizazioaren bidez salatu nahi da azpikontratazioa, prekarietatea, prebentziorako neurririk eza edo segurtasun-neurrietan inbertsiorik ez egitea eskutik helduta doazela lan-heriotza bat gertatzen denean. Aipatu gabe lehoi-antzeko produkzio eskakizunek eragiten dituzten lan-erritmo biziak edota estres egoerak", adierazi du Berri Otxoak gizarte bazterketaren aurkako eta gizarte eskubideen aldeko plataformak.