argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da Arabako Pepsico enpresan
  • Lan istripu ez traumatiko baten ondorioz hil da langilea, bihotzekoak jota. Enpresako komiteak lan istripua salatzeko mobilizazioak deituko ditu datozen orduetan.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 12a
Apirilean Iruñean jazotako lan heriotza salatzeko kontzentrazioa (Irudia: Ahotsa.info)

LAB sindikatuak eman du heriotzaren berri, asteazkenean. Ohar bidez publiko egindako zehaztapenen arabera, lan istripu ez traumatiko baten ondorioz hil da langilea, bihotzekoak jota. Etxebarri Ibiñako Pepsico enpresan gertatu da istripua, eta langilea bere lanpostuan zegoen istripuaren unean. Aurten Euskal Herrian hildako 26. langilea da.

Sindikatuak jakinarazi duenez, enpresako langileek lan karga eta erritmo altuak salatzen dituzte. Hala bada, adierazi dute ez dela harritzekoa "laneko arrisku faktoreak medio, arazo kardiobaskularrak areagotzea eta bizi kalitatean eragina izatea. Kasu honetan, heriotzeraino". Izan ere, sindikatuak azpimarratu du lan karga eta presio gero eta altuagoak laneko arrisku faktore nabarmen bilakatu direla. Lan istripuen datuak horren adierazle: aurten, Euskal Herri mailan, lan istripu ez traumatikoen ondorioz zazpi pertsona hil dira beren lanpostuetan, "arazo kardiobaskularrak eragiten dituzten arrazoi laboralak tarteko".

LABek administrazioei eskatu die "lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, benetako kontrola eta politika zehatzak".

Mobilizazioak

Pepsico-ko komiteak datozen orduetan mobilizazioak deituko dituela iragarri dute, eta bertan parte hartzeko deia luzatu.