argia.eus
INPRIMATU
Langile bat hil da, A-8 autobidea asfaltatzeko materiala garraiatzen zebilela
  • Astelehenean gertatu da ezbeharra. Hiru sindikatuak eman du heriotzaren berri, eta azpimarratu du egungo testuinguruan langileak ez lukeela lanean egon behar.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 24a
(Argazkia: Ecuador Etxea)

Euskal Herriko garraiolari autonomoen Hiru sindikatuak eman du ezagutzera gertaturikoa. Astelehenean hil zen langilea, bihotzekoak jota. Irungoa zen gizona, 54 urte zituen eta garraiolaria zen. Autonomo gisa ari zen lanean, Campezo garraio enpresarentzat, eta A-8 autobidea asfaltatzeko materiala garraiatzen zebilen.

Hiru sindikatuak adierazi du langilearen heriotza ez dela naturala, baizik eta lan baldintzek eragindakoa. Horrez gain, azpimarratu du koronabirusaren hedapena tarteko langileak ez lukeela lanean egon behar, egiten ari zen lana lehentasunezkoa ez zelako.

Sindikatuaren hitzetan, “administrazioek beste alde batera begiratzen dute, ez dute benetako egoeraren arduradun egin nahi, baina argi geratzen da, behin eta berriz, ekonomia, produkzioa, langileon osasunaren gainetik jartzen dituztela”.

Eusko Jaurlaritzari lan istripuak ekiditeko neurriak hartzea exijitu dio Hiruk. Gogorarazi dute urtea hasi denetik Euskal Herrian 20 langile hil direla lan istripuz, eta horietako bik oraindik lur azpian jarraitzen dutela, Zaldibarko zabortegiaren luizian desagertutako bi langileei erreferentzia eginez.