argia.eus
INPRIMATU
Langabezian dauden emakume bat eta bere semea etxetik bota nahi dituztela salatu dute Barakaldon
  • 59 urteko emakume bat eta 32ko bere semea, biak langabezian, etxetik botako dituzte Barakaldon datorren abenduaren 11n aldaketarik ezean, Herrikolorek jaso duenez. Bazterketa sozialaren aurkako Berri Otxoak plataformak salatu duenez, EAJko Amaia del Campo alkateak eta zerbitzu sozialek ez dute irtenbiderik proposatu.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 05
Berri Otxoakeko kideek etxe kaleratze bat gertatzear dela salatu dute. (Argazkia: EH Bildu)

Azken sei urteetan Barakaldon 1.355 etxe kaleratze gertatu direla nabarmendu du Berri-Otxoakek. Alokairua ezin ordaindu izanagatik bota nahi dituzte etxetik, azken urtean gertatu diren kaleratzeen %82arekin gertatu bezala. Plataformako kideek adierazi dute azken kontaketan kalean lo egiten duten 30 pertsonatik gora atzeman zituztela.

Kasu honetan, desalojo agindua jaso duten bi pertsonak "orain hilabete batzuk" Udaleko zerbitzu sozialetara jo zuten baina ez dute "inolako soluziorik" jaso. Alkatearekin bilera ere eskatu zutela jakinarazi dute, baina oraindik ez dietela halakorik finkatu.

ETB2 kateko Está Pasando saioan etxetik bota nahi duten semea elkarrizketatu dute asteartean.

Bideo honetan ikus daiteke Berri Otxoakeko kideek egin salaketa, Herrikolorek jasota.

Berri Otxoak plataformak kanpaina abiatu du alkatearen soldata eta udal gobernuaren politika sozialak konparatuz.