argia.eus
INPRIMATU
Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, batez ere emakumeen eta gazteen artean
  • Langabeen artean, 2.302 pertsona gehiago erregistratu dituzte urtarrilean Hego Euskal Herrian, eta horietatik 2.173 emakumeak dira, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 05
Garbitzaile langile bat, Gorlizen Hiruka komunikazio-taldea (CC BY-SA 2.0)

Aurreikuspenak betez, abenduan langabeziak pixka bat behera egin ondoren, urtarrilean langabeen kopuruak gora egin du. ELA sindikatuak igoera hori "emakumeen eta gazteen kontura" eman dela adierazi du, langabe berri horietatik %94 emakumeak baitira.

Gazteei dagokionez, azken hilabetean 720 pertsona gehiago izan dira enplegu gabe, hau da, kopuru erlatiboetan %6,1eko igoera. Gazteen langabeziak "egiturazko arazoa" izaten jarraitzen duela salatu du ELAk, eta 2025. urtearen hasierako datuek "prekaritatearen errealitate gordina" erakusten dutela. 

Bestalde, sindikatuak nabarmendu du langabezian izena emanda dauden pertsonen %51kk ez zuela langabeziagatiko inolako prestaziorik jaso abenduan, eta %31k bakarrik kobratu zuela kotizaziopeko langabezia-prestazioa. Abuztuaz geroztik izan den langabe kopuruaren igoerarik handiena bada ere, zifra nahiko baxua da aurreko urteetako urtarrileko datuekin alderatuz gero. Esaterako, iazko urtarrilean 4.125 langabe gehiago erregistratu ziren.