Espainiako Lan Ministerioak langabezia jaitsi dela adierazi arren, LAB eta ELA euskal sindikatuek salatu dute sorturiko lan kontratu horien gehiengoa epe laburrekoa eta prekarioa dela.
Maiatzean 3.089 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Espainiako Lan Ministerioak publikaturiko txostenak azken urteetan ikusten den joera berresten du, urtero maiatzean langabeziak nabarmenki egiten baitu behera. Jaitsiera honekin, langabezia-tasa %10,79koa da, krisi ekonomikoak eztanda egin zuenetik baxuena.
ELA eta LAB euskal sindikatuek asteartean argitaratu zuten txosten berri honen gaineko analisia, langabeziaren jeitsiera honek dakarren prekaritatea azpimarratuz. LABen esanetan, oraindik “langabezia prekaritatearekin murrizten” jarraitzen da, lan ezegonkorra gaienduz. Gazteen langabeziak, gainera, gora egin duela ohartarazi du sindikatuak, prekarizazioa gehien pairatzen duen kolektiboa dela azpimarratuz.
ELAk, bestalde, maiatzean sinatu diren kontratuen %92,4 behin-behinekoak izan direla azpimarratu du. Horrez gain, langabetuen egoera larriaz ere jakinarazi du asteartean publikaturiko prensa-oharrean, langabetuen %57 baino gehiagok ez baitu inolako prestaziorik jasotzen.