argia.eus
INPRIMATU
Langabezia igo egin da abuztuan, behin-behinekotasunaren adierazle
  • 3.364 langabe gehiago erregistratu dira abuztuan Hego Euskal Herrian. Gehienak, emakumeak: 2.355. ELA eta LAB sindikatuek seinalatu dute "aldi baterako kontratu prekarioak" daudela horren atzean.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 04a

Abuztuaren amaieran, 140.770 herritar zeuden langabezian Hego Euskal Herrian; iazko abuztuan baino ia 3.000 gehiago. Berriz, uztailetik abuztura, 3.364 langabe gehiago erregistratu dira. Emakumeak gehienak: ia hamarretik sei.

Herrialdeka, langabeziaren igoera Gipuzkoan nabaritu da gehien –%4,64ko igoera–, eta hurrenez hurren Bizkaian –%2,84–, Araban –%1,29– eta Nafarroan –%0,22–. Denean egin du gora, beraz.

"Ohikoa", Jaurlaritzaren arabera; "egonkortasuna" nabarmendu du Nafarroak

"Abuztuan, urtez urte salbuespenik gabe, langabezia igo egiten da eta afiliazioa jaitsi; beraz, azterketa globala eginda, ez da hain esanguratsua", esan du Alfonso Gurpegui Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak. Langabeziaren igoera, bere arabera, gehien nabaritu da hezkuntza arloan, eta bereziki begirale edo errefortzu klaseen kasuan. Dena dela, lasaitasun mezua eman du,  "aurreikuspen onak" baitituzte udazkenari begira.

Carmen Maeztu kontseilariak, bestalde, Nafarroako enplegu-politiken "egonkortasuna" nabarmendu du: 66 langabetu gehiago zenbatu dira abuztuan. "Ez da harritzekoa Nafarroan langabezia igotzea abuztuan, geure komunitateak indar handiagoa ipintzen baitu industrian, turismoan baino askoz ere gehiago", esan du Maeztuk.

Sindikatuak, kexu

"2010etik abuzturik txarrena izan da", seinalatu du ELA sindikatuak: "Abuztuan egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berak izaten jarraitzen dute, prekarioak eta aldi baterakoak dira. Abuztuan sinatutako kontratuan %79 aldi baterakoak izan dira. Datu horrek kezka sortzen du, adierazle horren joerak gora egiten jarraitzen baitu". Bestalde, ELAren esanetan, langabezian inskribatutako pertsonen erdiak ez zuen inolako prestaziorik jaso uztailean, eta hirutik batek kotizaziopeko langabezia prestazioa; batezbestekoa 1.000 euroren azpitik. 

Kalitatezko enplegua sortzeko "politika publikoak garatu" behar direla esan du LABek: "Langabeziak egoera kalteberena bizi duten langile kolektiboei eragiten die bereziki, lan eremuan bizi duten prekarietate egoeraren ondorio ere badelako ezegonkortasuna eta horren ondoriozko langabezia igoera".