Salerosketa eta mugimendu handiko garaia izanagatik ere, azaroan baino 88 langabe gehiago zeuden erregistratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan joan berri den abenduan. Nafarroan, berriz, 117 langabe gehiago.
Langabezia-tasa, urtea ixterakoan, %8aren bueltan geratu dela jakinarazten dute Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu sailak zabalduko azken datuek; zifra hori, 2021eko urte amaieratik, hamarren gutxi batzuk baino ez da jaitsi –2020. urtean, langabezia-tasa %10ekoa zen–.
Datu osoak hartuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 110.798 pertsona aktibo daude lanik gabe eta erregistroa eginda, hain justu ere, urtebete lehenago baino 4.047 gutxiago.
Joan den azarotik abendura langabezia jaitsi egingo zela zioten adierazleek, salmenta garai handia delako abendua eta epe motzeko kontratu ugari egin ohi direlako, baina ez da horrela izan: 88 langabe gehiago zenbatu dira.
Nafarroan, antzera
Azaroko datuak ezin hobeak izan zirela zioen Foru Gobernuak, Espainiako Estatuarekin alderatuta nabarmen egin zuelako behera langabeziak, baina ez dute halakorik esaterik abenduari erreparatuta. Urte osoan 416 pertsonatan jaitsi da langabezia kopurua, eta beraz, tasa %1,3 jaitsi da; dena den, abenduan, 117 langabe gehiago zeuden azaroan baino. Guztira, ia 300.000 landun eta 31.610 langabetu daude Nafarroako lan zerbitzuetan izena emanda.