argia.eus
INPRIMATU
Langabezia %3,4 jaitsi da Hego Euskal Herrian 2019an, abenduko gorakadarekin
  • Abenduan 1.167 pertsona geratu dira langabezian, baina urte osoko emaitzak kontuan hartuz, 2018an baino 5.156 langabetu gutxiago daude 2019aren amaieran.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 03a

147.360 dira 2019 urtearen bukaeran langabetuak. 2018aren bukaeran zeuden 152.516 kopuruaren %3,4 jaitsi da. Euskal Autonomia Erkidegoan 114.162 pertsona daude lanposturik gabe, iazko datuekin alderatuta %4,81 gutxiago, eta Nafarroan berriz, 33.198, iaz baino %1,08 gehiago.

Urte osoan zenbakiek beherako joera izan duten arren, 2019ko abenduak zapore gazi-gozoarekin amaitzea ekarri du. Izan ere, abendua 1.167 langabetu gehiagorekin joan zen, erdia baino gehiago (782) Nafarroan. Orokorrean, Espainiako Estatuko Lan ministerioak jakitera eman duenez, Bizkaian 3.087 langabetu gutxiago daude; Gipuzkoan 1.355; eta Araban 1.070. Nafarroan aldiz, 356 langabetu gehiago utzi ditu 2019. urteak.

Gizarte Segurantzan, datu onak

Gizarte Segurantzari dagokionez, gora egin du Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan afiliatuen kopuruak: 980.592 afiliatu daude EAEn, 2018 bukaeran baino 18.488 gehiago. Nafarroan ere goranzko joera izan da nagusi, eta guztira 289.851 afiliatu daude (duela urtebete baino 7.210 gehiago).